KigaliRuandako hiriburua eta hiri populatuena da, alde handiz. Herrialdeko erdialdean dago kokaturik, izen bereko probintzian [1], hedaduraz Ruandako bost probintzietatik txikiena.
Bidegurutze garrantzitsua da [2] eta nazioarteko aireportua du. Industria txikia du.[3] Ruandako erdigune ekonomiko eta finantzakoa, zerbitzuen sektorea da nagusi, eta industria txikia da. Aldirietan, berriz, eskulanaren parte handi bat biziraute nekazaritzan aritzen da.
Kigali izena kinyaruanda hizkuntzatik dator, "zabala" edo "handia" esan nahi duena. Jatorrian Kigali mendiari aplikatzen bide zitzaion.
Kigali etengabe hazi da Ruandako hiriburu bihurtu zenetik, independentzia eta gero, 1962an. 1960ko hamarkada hasieran apenas 6.000 biztanleko hiri txikia zen, administrazio eta negozio kolonialei lotuak, gehienak. 1991an 238 mila biztanle ziren, 2002an 700 mila biztanle, eta 2022rako 1'7 milioi [4] .
1907an sortu zuen Richard Kandt administratzaile eta esploratzaile alemaniarrak, lehen egoiliarrak, kolonizazio alemanaren garaian [5] .
Independentzia baino lehen, 1962an, BelgikakRuanda-Urundiko antzinako hiriburutik, Usumbura (gaur egungo Bujumbura) administratzen zuen herrialdea. Ruandako hiriburu tradizionala mwami erregearen egoitza zen Nyanzan, eta botere kolonialak Butaren zuen egoitza, orduan Astrida deitua, gaur egun Huye.
Errepublika eta independentziarekin, Kigali aukeratu zen hiriburu gisa, herrialdearen erdigune geografikoan zuen posizioagatik.
1994ko apirilaren 7an Habyarimana presidentearen hegazkina Kigaliko aireportuan lurra hartzen ari zela bi misilek bota eta gero, gobernuaren FAS armadaren eta Fronte Patriotiko Ruandarraren (FPR) miliziaren arteko borrokak piztu ziren, eta tutsien kontrako sarraskiak. FPRko indarrek aurrera egin ahala, berriz, hutu errefuxiatuen uholdeek ihes egin zuten bai Tanzania bai garaiko Zaire aldera, batez ere.
Uztailaren 18an Ruandako gerra zibila eta tutsien genozidioa amaitzean Kigali erdi huts eta hilik zegoen. Geroztik berpiztu, hazi eta modernizatzeko prozesu betean egon da [6] , arrakala sozioekonomikoak bezalako albo kalteekin [7] .
Hiria hainbat muinoren gainean eta artean eraikita dago, 1433 eta 1645 metro arteko altuerarekin, eta, ondorioz, oso erliebe gorabeheratsua du.
Hiru barruti administratibotan banatuta dago: hego-mendebaldean, Nyarugenge; hego-ekialdean, Kicukiro; eta iparraldean, Gasabo.
Kigaliko erdigunea merkataritza-barruti zentrala da (Central Business District, CBD, ingelesezko siglez), kinyaruanda hizkuntzaz mu mujyi ("hirian") ere deitua. Nyarugenge muinoan dago, eta Richard Kandtek 1907an sortutako jatorrizko hiriaren kokalekua izan zen. Kandt bizi izan zen etxea Kandt Etxearen Historia Naturaleko Museoa da gaur egun. Ruandako eraikin altuenetako batzuk daude inguruan, hala nola 20 solairuko Kigali City Tower eraikina. CBDn daude, halaber, herrialdeko banku eta enpresa handienen egoitzak bezala. Eta Hotel Rwanda filmeko Mille Collines bezalako luxuzko hotelak dira, Kigaliko Ospitale Unibertsitarioa, Unibertsitate Nazionaleko Zientzia eta Teknologia Fakultatea, eta gobernuaren eraikinak edo Ruandako Banku Nazionala.
CBDren hego-mendebaldean, eta muino berean, Nyamirambo auzoa dago. Hau izan zen urbanizatu zen bigarren zatia, 1920ko hamarkadan Belgikako gobernu kolonialak eraikia funtzionario eta merkatari swahiliak bertan jar zitezen. Azken talde hauek, gehienbat, musulmanak ziren, eta Nyamirambo "Auzo Musulmana" bezala ezagutua izan da. Nyamiramboko Meskita Berdea (Masjid al-Fatah) da Kigaliko meskita zaharrena.
CBDren mendebaldean Nyabugogo auzoa dago. Hiriaren behealdean dago, izen bereko ibaiaren haranean, eta bertan dago Kigaliko autobus eta taxi partekatuen geltoki nagusia, nazioko eta nazioarteko helmuga askotara doazen ibilgailuekin.
Kigaliko mendebaldean goratzen da Kigali mendia, 1853 metroko altueraz.